Web 2.0 ezaugarri nagusiak PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Ondorengo hiru puntu hauetan labur daitezke Web 2.0 baliabideen ezaugarri nagusiak:

 

Interneten bigarren aroa

 

Web 2.0 Interneteko proiektu eta negozioen bigarren garaia da, 2000. urtean puntucom burbuilaren eztandarekin sortu zen izugarrizko krisialdia gainditu eta gerokoa.

Urte horietan, puntucom delako enpresen gainbehera dela eta, horrelako konpainien erabateko eraldaketa gertatu zen. Puntucom burbuila ospetsua 1997 eta 2001. urteen artean koka dezakegu. Web ingurunea espekulazio eta diru azkarra egiteko bide bihurtu zen. Enpresen hasierako izugarrizko igoeraren ondoren itzelezko beherakada bizi izan zen.

 

Weba plataforma gisa

 

Web 2.0 Internet bidez zerbitzuak eskaintzeko modu berria da. Zenbait teknologia batuz eta horien konbinazioei esker, sarea aplikazioen plataforma gisa erabiltzeko aukera ematen du eta horrek izugarrizko aukerak eskaintzen dizkio erabiltzaileari.

Aurrekoaren ildotik, webguneetako edukiak sortzeko erabiltzaileen parte-hartzea bultzatzen duten ideiek eta horretarako plataformen inguruko konpainiek berebiziko garrantzia eskuratzen dute.

 

Erabiltzailearen boterea

 

Web 2.0 aroan, erabiltzaileak dauka protagonismo guztia. Horrela, ikusle eta kontsumitzaile izatetik, eduki eta zerbitzuen sortzaile izatera pasatu da. Modu aktiboan partehartzen duen erabiltzailea da.

Teknologia aurrerapenek eta abiadura azkarreko konexioek erabiltzaileei webguneetan ekintzak aurrera eramateko atea ireki diete. Ordura arte, Internet gutxi batzuen eskuetan zegoen, gutxi batzuek bakarrik baitzekiten web-orrialdeak egiten, eta erabiltzaileek ikusi bakarrik egin zezaketen. Azken urte hauetan, aldiz, joera aldatuz joan da: erabiltzailea kontsumitzaile izatetik ekoizle izatera pasatu da.