Soinu-zerbitzuak PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Podcasta zera da: ahots-grabatzaile digital edo antzeko tresna baten bidez sortzen den Mp3 formatuko audio-artxiboa. Plataforma batzuen bidez, Odeo eta PodOmatic, besteak beste, webgunean argitaratzeko aukera dugu. Soinu-fitxategiak sarean dagoen zerbitzari batean kokatu eta RSS jarioen bidez harpidedunen artean zabaltzen dira. Azkenik, formatu hori onartzen duten ordenagailu edota irakurgailuak dituzten tresnetan entzun daitezke; hau da, entzunezko blog batean izen-ematea bezalakoa izan daiteke, eta Internet bidez eduki horiek jasotzeko aukera edukiko dugu.

Entzunezko edukien gaiak hainbat motatakoak izan daitezke, eta, normalean, gai baten inguruan hitz egiten duen pertsona batenak edo batzuenak izaten dira. Dena dela, hainbat formatutan grabatutakoak daude, hala nola irratsaioak, gidoi baten inguruko bakarrizketak edo taldekako hizketaldiak.

Podcast direlakoak hezkuntza arloan ere erabiltzen hasi dira eta atzerriko hizkuntza bat irakasteko baliabide didaktiko oso interesgarriak bilakatu dira. Irakasle edo ikasleek irakasgaietan ahotsezko podcast hauetarikoak sor ditzakete, ondoren elkarren artean RSS sistemen bidez zabaltzeko. Artxibo horiek etxean edozein unetan entzun eta landu daitezke; horrela, hezkuntza-sistemako ikasketa-metodoa ordutegi eta gela lokarrietatik askatzen da.