Wikiak sortzen PDF fitxategia Inprimatu E-posta

Wiki ezagunetan ibili gara, baina zuk ere sor dezakezu wiki bat, zurea, zuk pentsatua, zuk nahi duzun edukia bilduko duena! Irakurri duzun bezala, badakizu wikia elkarlanerako tresna ezin hobea izan daitekeela. Hainbat izaerako wikiak sor ditzakezu. Eskolako lagunekin apunteak eta irakasgaien nondik norakoak partekatzeko eta talde-lanak elkarrekin egiteko wikia edota lagunekin planak egin eta zure kontakizunak bilduko dituen wikia sor dezakezu.

Wiki bat sortu aurretik gauza batzuk zehaztu eta puntu batzuk kontuan izan behar dituzu:

  1. Lehenik eta behin, wikiaren gaia zehaztu behar duzu.
  2. Wikiaren nondik norakoa ere pentsatu behar duzu, haren helburua zein izango den finkatuz.
  3. Zure wikian nork idatziko duen ere kontuan hartu behar duzu. Zure wikia irekia izango da? Nori emango diozu bertan idazteko baimena?
  4. Ondoren, wikiaren izena pentsatu behar duzu. Aukeratzen duzun izena eta wikiaren gaiaren arteko lotura egotea komeni da eta badakizu aukeratzen duzun izena wikiaren helbidea izango dela.

Orain gure wikia sortzen has gaitezke. Wikispaces wikiak sortzeko tresnarik errazena da eta gainera doakoa dugu. Horregatik guztiagatik, wikiak sortzeko adibide gisa erabiliko dugu oraingoan. Ikus dezagun!

  1. Lehenik eta behin, orrialdean erregistratuko gara. Eskuineko atalean datu batzuk sartu beharko ditugu: erabiltzaile-izena, pasahitza eta helbide elektronikoa.
  2. Wikiaren izena eta gure wikiak izango duen baimen mota hautatuko dugu.
  3. Segidan, 'batu zaitez' botoian klik egin eta listo! Gure wikia sortu dugu.
  4. Gogoratu zure posta elektronikora iritsiko zaigun ongietorri mezuan kontua baieztatu behar dugula.
  5. Aplikazioa euskaraz jartzeko aukera dago, "Nire kontua" delako ‘Egokitzapenak’ atalean, hizkuntza hautaketa egin "Euskara" aukeratuz.
  6. Orain gure wikiaren azala editatzen hasiko gara. 'Editatu' botoian klik egin eta agertzen den edizio atalean aldaketak egiten hasiko gara. Nahi dituzun aldaketak egin, eta, "Gorde" botoiaren bitartez, aldaketak publikatu egingo dira ("aurreikusi" eta "bertan behera utzi" aukerak ere badituzu).
  7. Hurrengo pausoa, wikiaren orrialdeak sortzea izango da. Ezkerraldeko atalean "Orri berria" aukeran klik egin.
    • Orrialdearen izena idatzi.
    • Nahi dizkiozun ‘etiketak’ gehitu.
    • ‘Sortu’ klikatu.
  8. Bestalde, ‘Aldaketa berriak’ eta ‘Kudeatu wikia’ atalean gure wikia editatzen jarrai dezakegu.

    Atal hauetan, edukia, jendea, egokitzapenak eta tresnak delako kaxetan hainbat eta hainbat aldaketa egin ditzakegu.

  9. Editatze lanen artean hainbat atal aurki ditzakegu:
    • Sorturiko orrialdeen inguruko eztabaidak sor daitezke.
    • Orrialdeen historialak sortu.
    • Orrialdeak ezabatu edo eta babestu.
    • Orrialdearen konfigurazio eta itxura aldatu.
    • Eginiko aldaketak eta sorturiko orrialde guztiak ikusi.
    • Sorturiko wikiaren lehentasunak aldatu.
    • Wiki gehiago sor daitezke kontu berarekin edo ditugun beste wikiak editatu.
  10. Badugu gure wikia, orain tresnak eskaintzen dizkigun aukera guztiak erabiltzen hasi gaitezke!