Web 2.0 erabiltzailea Inprimatu

Web 2.0rekin gauzak aldatu egin dira, eta asko gainera. Erabiltzailea Interneteko errege eta protagonista bihurtu izana da Web 2.0ren ezaugarririk garrantzitsuena. Erabiltzaileek Web 2.0 baliabideetan bereganatzen duten garrantzia begibistakoa da. Interneten dauden zerbitzuetariko asko erabiltzaileen partaidetza gabe ulertezinak lirateke. Erabiltzailea web belaunaldi berri honetako lehen lerroan kokatu da, orain, irakurle izateaz gain, egile bihurtu baita. Erabiltzaileak, orain, hainbat gauza egin ditzake; esaterako:

  • Wikipediako artikuluak idatzi
  • YouTubera bideoak igo
  • Flickr-en argazkiak etiketatu
  • Blog pertsonalak sortu
  • Norberaren bizipen eta interesak sare sozialetan partekatu
  • Gustuko orrialdeak aukeratu eta del.icio.usen eskaini
  • Musika eta sormen artistikoak sarean argitaratu eta erabilera-lizentziak ezarri edonork erabil ditzan
  • Online komunikabideetako albisteen iruzkinak eta aipamenak egin

Web 2.0 kontzeptuak oinarrian bi noranzko ditu, joan eta etorrikoa alegia, igorleak eta hartzaileak etengabeko elkarlanean dihardutelarik. Ondorioz, Web 2.0 parte-hartzailea dugula argi gelditu zaigu, baita harremanak sortzeko gaur egungo bitarteko nagusia bilakatu dela ere. Horrela, harremanetarako ezinbesteko tresna dugu egungo gizartean, edonoren eguneroko harremanetarako bide delarik. Ikasketa-baliabide interesgarri bilakatu da Internet eta, gainera, hori erabiliz salerosketak egin, bertan iritziak eta mezuak zabaldu eta, nola ez, lagunak egin eta haiekin kontaktuan egon gaitezke uneoro.