Zer dira sare sozialak? Inprimatu

Azkenaldian Interneten bolo-bolo dabilen gaia da sare sozialena. Komunikabideek sareko beste edozein fenomenori baino askoz ere oihartzun handiagoa ematen diote, batez ere Barack Obamak baliabide hauek Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeak irabazteko erabili zituenetik.

Labur esanda, sare sozialak harremanak mantentzeko balio duten zerbitzuak dira. Harreman horiek pertsonalak edo lanekoak izan daitezke: gure inguruko pertsona eta erakundeekin loturak mantendu eta sortzeko balio dute, bai eta beraiekin edukiak elkarbanatzeko ere.

Horrela, sare sozialek gure lagunekin eta ikaskideekin elkartzeko topagunea eskaintzen digute, bai eta harremanetan dauden pertsonen artean gogoko suertatzen zaizkigun edukiak banatzeko ere. Sarean artikulu, argazki edo bideo interesgarriren bat topatzen badugu, sare sozialera bidali eta gure lagun guztiek ikusteko aukera izango dute.

Gure edukiak sareratzeko ere balio dute, gustuko ditugun argazkiak eta bideoak lagunei erakutsi ahal izateko. Gainera, lagunek iritziak idazteko aukera edukiko dute eta guztion artean elkarrizketa sortuko da.