Non eta nola sortu ziren? Inprimatu

Sare sozialen lehen urratsak 2003an koka ditzakegu, puntucom burbuila lehertu ondoren sarea berpizten hasi zen unean hain zuzen. Orduan, finantza-merkatuen olatuari esker sortu ziren enpresa guztiak porrot egin ostean, erabiltzaileek protagonismo handiagoa eskuratu zuten. Une horretan Ipar Amerikako hiru lagunek hainbat enpresa sortu zituzten internautak elkarren artean hitz egin eta elkar ezagutzeko.

Hiru iparramerikar horiek Marc Pincus, Reid Hoffman eta Jonathan Abrams ziren, hurrenez hurren, Tribe.net, Linkedin eta Friendster Interneteko sare sozialak martxan jarri zituzten enpresa-gizonak. Hirurek, Friendster elkartearen inbertitzaileak zirelako ezagutzen zuten elkar. Beraien helburua “Six degrees of separation” delako teoria soziologikoa sareratzea zen. Teoria horrek dioenez, bost pertsonen bitartez munduko edozein pertsonarekin harremanetan jar gaitezke.

2003an ekonomia digitalaren indarberritzea etorri zen eta aldi berean hiru sare sozial horietako erabiltzaile kopurua gehitu zen. Horietariko bat, Friendster zehazki, urte bereko Estatu Batuetako hauteskunde orokorretan egin zen ospetsu, hautagai baten kanpainan ibili zelako lanean. Horrek guztiak sare sozialen bidea ireki eta aro berri batean murgiltzeko aukera eman zuen.