Arrisku nagusiak Inprimatu

Web 2.0 eta, oro har, sarean aurki ditzakegun arrisku nagusiak hauek izan daitezke:

- Informazio edo edukiari lotutakoak. Batetik, kaltegarria, ezmorala eta legez kontrakoa den informazioa zabaltzea (adibidez, haur pornografia edo terrorismoaren apologia, arrazaren araberako iritziak, sektei edo indarkeriari buruzko informazioa...); bestetik, fidagarritasun gutxi ematen duen eta faltsua den informazio asko aurki dezakegu (irudiak oso erraz alda daitezke eta askotan informazio faltsua argitaratzen da).

- Sarearen bidez ezagut daitezkeen eta asmo onik ez duten pertsonekin harremanetan jartzeko arriskua dago. Sare sozialetan eta antzekoetan batez ere, identitate faltsua erabiltzen duten pertsonekin harremanetan jartzea oso erraza da.

- Jarduera ekonomiko eta merkataritza elektronikoari lotutakoak (erosketak eta kudeaketak, artxiboak bidali eta jasotzea...). Interneteko ziberespazioa gurearekiko mundu paraleloa da eta, bertan, mundu fisikoan egin daitezkeen jarduera ekonomiko gehienak egin daitezke. Hauek arriskua dakarte askorentzat, enpresa ugari adingabeen sineskortasunaz baliatzen baitira merkataritzako teknika gehiegizkoak erabiltzeko. Adibidez, webgune batzuek behar baino informazio gehiago eskatzen dute bertan kontua irekitzerakoan eta, ondoren, informazio horretaz baliatzen dira profil horretara egokitzen diren produktuen marketin zuzena egiteko.

- Jabetza intelektualari lotutakoak. Lan eta materialen egileek norberaren lan-eskubideak babestea aukera dezakete. Ondorioz, erabiltzaileak, babesturik dagoen lana erreproduzitu edo banatuz gero, kasuren batzuetan egile-eskubideak hautsiko lituzke.

- Jarrera mehatxagarriak (ziberbullyinga eta groominga) bat-bateko mezularitzako programen bidez, sare sozialen bidez, txat bidez, foroen bidez... Ziberbulliyinga, berdinen artean Internet bidez egiten den eskola-jazarpena da. Groominga, berriz, Internet bidezko sexu-jazarpena da, heldu batek adingabe bat jazartzea helburu sexuala lortzeko. Bi arazo horiek ez dira berriak eta ez dira sare sozialekin sortu, baina, ikerketen arabera, tresna horiekin halako delituak areagotu egin dira. Sare sozialek eskaintzen dituzten anonimatuak, azkartasunak eta aukerek arazo hauek larriagotu dituzte.

Horrenbestez, ezinbestekoa da haurrak eta nerabeak online daudenean egiten dituzten ekintzek, gainerakoengan eragina izan dezaketela ohartaraztea eta arriskuez informatzea.