Wikiak Inprimatu

Wikia (hawaiieraz wiki wikik "azkar" esan nahi du) erabiltzaile batek baino gehiagok edita dezakeen webgunea da, elkarrekin lan eginez sortua. Wiki bateko erabiltzaileak web-orriko edukia modu interaktibo, erraz eta azkarrean sor, edita, ezaba edo alda dezake.

Wiki teknologiari esker, zerbitzari publiko batean dauden web-orriak (wiki-orriak) elkarlanean idatz daitezke. Nabigatzailearen bitartez, idazkera sinplea erabiliz, testuari formatua eman eta estekak sor daitezke. Era berean, egindako aldaketen zerrenda gorde daiteke, nahi izanez gero orriaren aurreko egitura eta itxura berreskuratzeko aukera izanik. Norbaitek wiki-orria editatzen duenean, aldaketak webgunean bertan ageri dira.

Irudia: http://www.flickr.com/photos/cogdog/19490596/

Lehen wikia 1994. urtean sortu zuen Ward Cunningham-ek eta berak zioenez: "Wikia funtziona dezakeen online datu-baserik sinpleena da" (the simplest online database that could possibly work). Izena ere hark jarri zion, aipatu dugun wiki wiki (azkar-azkar) esamoldea erabiliz, wikietan dena erraz eta azkar egiten delako. Hasiera batean WikiWikiWeb zuen izena, baina denboraren poderioz wiki bihurtu zen.

Proiektu horren lehen urteak era xumean igaro ziren, 2001. urtean Jimbo Walesek wikietan oinarrituz edozein zibernautari irekita dagoen tresnarik ospetsuena sortu zuen arte, Wikipedia alegia. Dakigunez, Wikipedia entziklopedia zabala eta askea da. Bertako artikuluak edozein zibernautak idatzi eta alda ditzake. Wiki kontzeptua lan-talde baten ekoizpena errazten duen tresna aparta gisa ezagutaraztea ahalbidetu du. Zoritxarrez euskarazko definizioen kalitatea ez da beste hizkuntzetakoa bezain ona, horiek zehatzagoak eta argiagoak baitira. Hala ere, esan beharra dago euskarazko wikipedia ere urtez-urte hobetzen doan webgunea dela.