Informazioa kudeatzeko tresnak Inprimatu

Web 2.0 guneak eratzeko oinarrizko tresnez gain, beste teknologia batzuk ere beharrezkoak dira plataforma hauek komunikatu eta zabaltzeko: edukiak sailkatzeko posibilitatea (Tag); interesatzen zaigun sareko informazio guztiarekin eguneratuta egoteko aukera (RSS); gustuko webguneen helbideak gorde, elkarbanatu eta etiketatzeko tresnak (Markadore sozialak); eta gure testuak beste orri edo informazio batera eramateko aukera (Link).

Tag edo Etiketak

Tag edo etiketa-sistema edukiak antolatu, deskribatu eta sailkatzeko modua da, erabiltzaileak gako-hitzak objetu digitalekin (web-orrialdeak, argazkiak, post, iruzkinak, Interneteko helbide bat, bideo bat...) erlazionatzeko aukera duelarik, gero horiek berreskuratzeko helburuarekin. Etiketak erabat libreak eta egiturarik gabekoak dira. Hori zerbitzuaren araberakoa da; horrela, erabiltzaileak bere datuen arteko loturak nahi dituen eran sor ditzake.

RSS Jarioa (ingelesez RSS feed)

Harpidetza-sistema bat da. Blog, wiki edo webgune batean artikulu berria argitaratzen den bakoitzean, artikulu hori bidaltzeaz arduratzen da. Horrela, ez da gustuko orrialde guztiak banan-banan irakurtzen ibili beharrik.

Prozesu hau artikuluaren izenburua eta laburpena biltzen dituen RSS fitxategi baten bitartez egiten da. Fitxategi hori Interneteko agregadore edo ordenagailuan instalatzen dugun programa bati esker harpidetu gaitezkeen albiste-kanal bat da. Posta elektronikoko kudeatzaile batzuek ere badaukate zerbitzu hori. Fitxategi hori eguneratu egiten da eta, albisteen kanala begiratzen dugunean, aukeratutako jario- irakurgailuan sarrera berri bat dagoela ikusiko dugu. Teknologia honek saretik interesatzen zaigun informazio guztiarekin eguneratuta egotea ahalbidetzen du eta norberak nahi duen informazioa aukera dezake modu erraz eta sinplean. Harpidetza-sistema honekin orain arte egiten zenari buelta ematen zaio: norbera informazioaren bila joan beharrean, informazioa guregana etortzen da.

Jario horiek jasotzeko RSS irakurgailu batean izena eman besterik ez dugu egin behar. Google Reader da ezagunenetakoa. Googleren irakurgailua da, baina badaude beste batzuk ere (Bloglines, adibidez). Edukiak RSS jario bidez gaurkotzen dituen webgune, blog edo wiki batera sartzen bazara, alboko ikonoaren bidez agertuko zaizkizu RSS feed edo fitxategiak.

Markadore sozialak

Markadore sozialak, laster-markak edo social bookmarking gustuko webguneen helbideak gorde, elkarbanatu eta etiketatzeko Internet zerbitzu mota bat da.

Orain arte, markadore hauek gure ordenagailuko nabigatzailean gorde genitzakeen baina ordenagailuz aldatuz gero, zer gertatzen zen?: gogoko markadoreak galdu egiten genituela. Horren irtenbide bezala sortu ziren markadore sozial moduan ezagutzen diren webgune edo tresnak. Horiei esker interesgarria zaigun web orri bat topatzen dugunean, Interneten kokatuta dagoen espazio batean gordetzen dugu. Horrek esan nahi du edozein ordenagailutatik berreskura ditzakegula gure gustuko laster-markak.

Bestalde, markadoreak etiketa edo 'tag' delakoen bidez sailkatu ditzakegu: gorde dugun web orri horrekin zerikusia duten hitzak dira, eta laster-marka hori aurkitzen lagunduko digute. Gainera, gure espazioa nahi dugun modura konfiguratzen badugu, besteek ere erreferentziok ikusi eta erabili ahal izango dituzte.

Link sistema

Web 2.0 baliabideetan loturak sartzea oso interesgarria da, irakurketa-aktibatzeaz gain, era ez-sekuentzialean irakur daitezkeen dokumentuak lortzen baitira. Askotan lotura edo hiperesteka hauek informazio-gehigarri moduan funtzionatzen dute eta guneari balioa ematen diote.

Web 2.0ri buruzko lehen hurbilketa hau egin ondoren, pentsa itzazu web sozialak gizarteari egin dizkion bost ekarpen positibo eta bost negatibo.